2008/12/10

Pedro Castaños eta Jardunaldixak Berrian

Berria egunkarixan Abenduan 10-ian agertutako erreportaia.


Argazkiak.org | Pedro Castaños © cc-by-sa: txikillana

2008-12-10

Barrunbeetan hezur bila

Euskal Espeleologiaren Topaketetan, besteak beste, paleontologiari egindako ekarpenaz solastatu dira

Ibai Maruri

Ajangiz

Edertasuna beti ez da agerikoa izaten, ezta aberastasuna ere. Lurrak berak bere barrunbeetan hainbat altxor ditu. Agerian utzitako sarbide eta arrakala guztietatik barrura sartzeko zaletasuna dute espeleologoek, han azpian zer gordetzen den aurkitzeko jakin-minak bultzatuta. Sartu-irten horietan makina bat sorpresa aurkitzen dute. Eta, euren trebetasun horri esker, arkeologo, paleontologo eta abarrak iritsi ezin daitezkeen tokietara iristeko aukera izaten dute.

Pedro Castaños biologoa eta Paleontologia doktorea da eta laugarren mailako ugaztun handietan espezializatua dago. Euskal Herrian egiten diren indusketa askotan parte hartzen du. Hori horrela, harreman estua dauka hemengo espeleologia taldeekin. «Espeleologook zarete paleontologoon begia. Zuek baino ez zarete jaisten, zuek baino ez duzue aurkitzen».

Euskal Herriko espeleologoek egindako topaketetan esan ditu hitzok. Bi astez ibili da aldizkari eta bestelako argitalpenetan euskal espeleologoek egindako lanaren emaitzen bila. Hala, bilduma zabala osatu du, baina aitortu du bidean aurkikuntza asko galduko zituela. «Zerk batzen gaitu paleontologo eta espeleologoak? Karstak! Alegia, aztarnategiak aurkitzen ditugun lekua», dio Castañosek.

Karst hitza alemanetik dator eta kareharrizko goi ordokia esan nahi du. Castañosen esanetan, ornodun handien aztarnak, hezurdura osoa izan zein hezur solteak izan, gehienetan lurraren sakontasunean daude. Horregatik, haien berri izateko, aurkitu eta aztertzeko, gehiago ezagutzeko, hara jaitsi behar da: barrunbeetara sartu. Hori da, hain zuzen ere, espeleologoen lana eta afizioa: kobazulo eta leizeetan arakatu eta bilatu.

Aspaldiko harreman oparoa

EEE Euskal Espeleologoen Elkargoak 1956an Arantzazun egin zuen I. Kongresuan erakusketa paleontologiko bat antolatu zutela gogoratu du Castañosek. «Hori izan zen ia-ia elkargoaren sorrera». Horrela, bada, batzuen eta besteen arteko harremana zenbateraino den aspaldikoa azpimarratu nahi izan du. «XIX. mendearen erdialdetik, aurreneko euskal paleontologoak ikerketekin hasi zirenetik, azterketa gehienak kobazulo eta leizeetako aurkikuntzen ingurukoak izan dira».

Kobazuloan sartu eta hezurrak aukitzen dituztenean aurrena argazkiak atera behar dituztela dio. Hala, aurkikuntzaren inguruko hainbat xehetasun ezagutzeko aukera izango dute paleontologoek. «Argazki horiek guri bidali behar dizkigute, guk ea zer material den, zein egoeratan dagoen, indusketarik egin behar den edo ez eta egitekotan zer egin beharko litzatekeen erabaki dezagun».

Sarbidea erraza bada, paleontologoak izango dira aurrerantzean lan egingo dutenak. Eurek aterako dituzte hezurrak laborategi eta museoetara. «Han utziz gero, hondatzeko arriskua dago», dio. Baina sarbide zaila duten kobazuloetan, berriz, espeleologoak arduratzen dira kanporatzeko lan horretaz. «Hartzeko modurik zuzenena eta merkeena komuneko papera da. Ondoren, egunkarien orrietan bildu eta kito. Gero geuk garbituko ditugu».

Animalia handien gordeleku

Euskal Herriko kobazuloetan batez ere ornodun handien hezurrak aurkitu dituzte; bereziki, hartzenak eta haien familiako espezieenak. «Normala da hartz arre eta leizeetako hartzen aztarnak ugariagoak izatea. Bi animalia horiek neguan hibernatzen dute. Kobazuloetan egiten dute lo, hilabete luzez, eta sarritan bertan hiltzen dira». Satorra espeleologia talde nafarrak, adibidez, Aralarreko Amutxate leizean hartzez betetako gela handi bat aurkitu zuen. «30 mila urte izan ditzakete».

Bestelako animaliarik ere aurkitu dute: lehoiak, lehoinabarrak, panterak, katamotzak, leizeetako hienak... Aloña Mendi espeleologia taldekoek, esaterako, penintsulan aurkitu den leizeetako lehoiaren hezurdura oso bakarra aurkitu zuten Harrikutzen.

«Oraingoz inguru hauetan ez da agertu gizakia ez den beste primaterik. Ez dugu tximinorik aurkitu», dio Castañosek. Adarzabalik ere ez, euren familiako beste hainbat animalia agertu diren arren. «Uste dugu ez zirela hemen bizi izan, eta horregatik ez dagoela haien hezurdurarik». Aurrerantzean ere euskal espeleologo eta paleontologoen arteko elkarlanak fruitu oparoak emango dituen esperantza dute guztiek.

No hay comentarios: